XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskararen atzerapenaz galdetu nion batean, honelaxe erantzun zidan:

- Abertxale erdalduna es da euskaltxalea.

Langile porrokatua bai, baino euskara ikasteko amorrurik es du.

Pilula bat irentxi eta euskara jakingo balitx, nahis eta pilulak milloi bat balio isan, erosiko luke.

Lanean orduak sartxeko prest, euskara ikasten sartxeko es.

Arrazoi faltarik ez zuela ohartu nintzen.

Euskal Herrian euskararen mistika falta zen, agian hein handi batean gaur bezalaxe.

Fermin katolikoa kontsideratzeaz gainera meza-entzulea zen, baina kristau izatearen konpromezu etiko-moralak ez zuen behartzen ETA-ren gerra liberatzailea kondenatzera.

Aitzitik, katakunbetako kristauen bizitza heroikoan oinarritzen zen ETAkoen askapen-borroka onartzeko.

Hiztuna, platikatzeko oso atsegina, euskara taiuz ez jakitearen konplexuak ahal zuenean beti Lingua Navarrorum erabiltzera bultzatzen zuen, batik-bat inor ezagutu berritan.

Bizio fosilduez erabat jositako hizkera xelebrekoa, solaskidea euskaldun petoa bazuen, honen larrialdia ez zen makala izan ohi.

Ferminen mintzamolde gogotsua bezain barregarriak, erdarara pasatzeko grina patetikoa sortu ohi zuen.

Baina eta gaizki har baleza?

Azkenean Fermin bera izan ohi zen Axularren mintzoa abandonatu eta Cervantesena besarkatzen zuena, eta ez beti gogoz kontra.

- Enais euskaras ongi mintxatxen, baño dena ulertxen dut adierazi ohi zuen harro.

Nigati es du iñor erderas mintxatxen.

Euskara politta da.

Munduko hiskuntz po-li-tte-na.

Adan eta Eba euskaras mintxatu siren paraisoan, siur.

Euskararen ahoskeran ukan daitezkeen bi bizio itsusienen jabe zen, z s bezala eta, batez ere, tz digrama tx bezala ahoskatzea.